Iragana

 

Markinan, nekazaritza hutsetik bizi den herrian, Bizkaiko lur eta ohitura jatorren erdi-erdian aurkitu ginen behin. Kasualitate batez, pare bat egunean bertan gelditzea suertatu zitzaigun, eta bertako zelaietatik paseatu nuen sarri eta baserritarrekin elkar ulertzen saiatu nintzen. Nahikoa lortu nuelakoan nago, berbetan izan ezik, hizkuntza bera ulertu ez arren, laguntzera hurreratzen zitzizkidan baserritarron pazientzia nekaezinari esker.  Izan ere, irribarrea aurpegian zutela hamaika ahalegin egin zuten gauza bakoitzari bere izena jartzen, neuk asko nekatu barik ikas nitzan.

Baserria (soro eta guzti hartuta) txikia izan ohi da, eta ematen dion lana handia izanagatik ere, urte zati batean baino ez dau okupatzen baserritarra. Gainerakoan askok beharren bat egiten dute, eta ez gutxik arotz dihardute inguruko herriren batean. Euskal baserritarra ezin esan aberatsa denik baina, hala ere, gehienak ondo bizi dira. Eurok Markinan esan zidatenez, eguerdiro okela jaten dute, arratsaldeetan ardoa hartzen, eta bazkaritan ere zer jan ugari izaten ei dute. Ni neu ere behin egon nintzen familiako holako bazkari batean. Ugazaba, bere bi seme-alabak, morroia eta jornalari bat landan eserita, aurrean plater bat eta koipeagaz erretako ogi zati bana zituztela; gainean arrautzopila zuten, eta gari-irinezko ogi ederra, artoz egindakoa elikagai eskasagoa eta pobreagoa delako. Etxekoandrea zutik, euron atzeko aldean, begiratu besterik egiten ez zuela, etxean janda zegoelako. Bazkalostean, idiak lauhortzeko goldearekin uztartu zituen jornalariak, eta etxekoandreak artoa erein zuen atzetik. Hemen, jornalariak euron idiak izan ohi dituzte batzuetan, eurek ere euron soroa izaten dutelako. Mantentze aldera beharra eginda bazkariaz gain, ogia eta arratsaldeetan ardoa ere hartzen dute, eta 10 erreal egunean, urrezko 15 grueso eta idirik gabe erdia. Andrazko batek janari osoa kobratzen zuen eta erreal bat eta urrezko 1 grueso eta 6 penike. Ikusten den moduan, hemen jornala garestiagoa da herrialdekoaren aldean. Kontu handiz, bakearen hurbiltasunaz mintzatu zitzaizkidan hauek baserritarrak; desiatzen zeuden arraina -bijilia egunetarako behar zutena- errazago eta merkeago eskuratzeko modua izango zutelakoan.

Barrurago ere, hementxe legez, kanpokoak ikus dezake herri bat nekazaritza hutsetik bizi delarik ere bere neurriagatik eta nabari zaion ongizateagatik bakarrik bereizten dena, eta miretsita egiaztatu nola beste herrialde batzuekin konparatuta berdintasunezko harremanak dituzten euron artean, batez ere Euskal Herriko alde honetan, hala nola dotoretasun handieneko pertsona bat jaiotzez umilagoa den batekin, nola aberatsa pobrearekin. Behin baino sarriago suertatu zitzaigun aldra bat ikustea, denak berdin eta arrunt samar jantzita eta euron artean familia ezaguneko bat edo Gaztelako tituludun bat. Izan ere, zelako balioa duen aberats bat izatea auzokoen artean, itxura batean egonean eta ezer egin gabe dagoela eman arren, herrian ilustrazioa zabaltzeko.

Halaxe, esate baterako, eta batez ere Markina inguruan nafarreriaren aurka txertatuta egotea hain da normala ezen menditar batzuk eurek egiaztatzen dutela euron umeengan. Txertaketa horren zabalduta egotea garai hartako Bizkaiko aldun nagusi On Jose Maria Murgaren ahalegin nekaezinari zor zaio. Gizon ilustratua eta argia, horregatik eta bere semea hezitzeko moduagatik, asko dakiena eta administrari abila, gehienetan bakarrik bere ikuskaritzapean, nahikoa egiaztatzen duena zeinen ona izan daitekeen herri eta nazio batentzat itxuraz jardun-eremu txiki bat lasaitasunez beteta ikustea. Berriki prebentzio-txertoekin ere saioak egiten hasi dira. Bilbon, Lope de Mazarredo jn., almirante ezagunaren iloba denak, Parisen gai honen inguruan agertutako idatzi onenetariko bat itzuli du eta lehenengo eta behin bere alaba txertatu eragin du . Berorren atzetik beste batzuk etorri izan dira Bilbon eta beste herri batzuetan, Azpeitian kasu.

Markina atzean utzi aurretik, naturaren misterio bat aitatzea geratzen zait oraindik. Arretxinaga izeneko leku batean hiru harkaitz handi daude, 40-50 bat oin luze izan daitekeen multzoa osatzen dutenak. Harkaitzok estuak dira behetik eta ikaragarri zabalak goitik. Euretariko biren alde estuenak eusten dute guztia, eta hirugarrena, oso handia, beste bien gainean datza, noiz jausiko itxura batean. Lehenenago goikoaren azpitik pasa zitekeen; baina miraritzat jo izanaren ondorioz aldare bat eraiki da erdi-erdian, eta San Migelen kapera bat jarri da. Eta ez bakarrik hori, baizik eta aldare aurrean diakono bi baizik ez zirela sartzen-eta, harkaitzetako baten zati bat saltarazi zen hirugarrenarentzako lekua egiteko. Halaber, herritarrek harri-zatitxoak hartzen jarraitzen dute, mirarizko bertuteak eta ezaugarri sendagarriak omen dituztenak.

1 Dirudienez, Espainian gehiago erabili ohi da invacunar hitza vacunar baino. Izan ere lehenengoa hobeto egokitzen zaio hizkuntzari.