Iragana

 

ORRAZI-ESKEAN

(Bilbao,ko Udal-Aurrezki Kutxak, 1976, Erato eban "Resurrección Maria de Azkue"bigarren euskal ipuin sariketan, bigarren saria jaso eban lana).

I SAILA

Egilea: Aita Onaindia
Marrazkille: Larrañaga,tar Paulin

"Lamiñak, erdi emakume erdi arrai, erromatarren Ninfa,en antzekoak dira. Orrelako sinismenak emen izan ta, ez da arritzeko gauza Ninfa,en elizkizunak Euskalerria,n errez sartzea".

(J.M. Barandiaran, Eusko Mitología, 1921, 60 orr.)


Erdotza

Meabe, sendi ta gizaseme azkarren auzunea, begi aurrean; zuri-gorri etxeak, orlegi goi-aldeko txarea. Arrobiak or-emen, Lekoitz,erako aitz bizian ebagitako bide gaiñean eta azpian. Erdotza, barriz, beeko lautadan, beti dozu begiko. Zergaitik ete? Pelotari arrimen sorleku dalako, bear bada? Bai. Oraindik geiago, alan be, bide egalean daukagun Andra Mariara eskeiñitako ermita txanbeliñagaitik. Beronek aurrean daukazan idazkunai begira dagoz gazte biak; or, beerago, errekondoan, heléis nagusiagoa, bedar zelai ezea tarte. Ez da iñor agiri. Txindor bat kantari alboko areitz adarrean, poz oiuak eioten or nunbait. Zut-zut dau eguzkiak joten, aurreko aitz-arteai ikuskizun bedegarra ezarriaz.
Kanta otsa da orain beeko eleizan, Eleizkizunen bat ete? Gazte bi, Osolo gaiñeko neska ta Zubiaurre,ko mutilla ezkondu dira gaur.
- Goazen bertara, Itziar! " bota dautso Txominek bere arrebari.
Eta eleiz aurrera doaz biak. Arako bidea artuaz bat, begira! Or jentetza aundia eleizatik urteten. Eleizatxo onen ardura daudan neska ule kizkurdunak esan dautsienez, aspaldian ezkontza asko ospatzen dira emen.
Eleiz osteko landan ba-da jenterik. Dotore ta alai dabiltz ezkonbarriak lagun, adiskide ta sendikoen artean, oni agur ta ari mosu. Etorkizunak zer dakartsen ez dakie, baiña gaurko eguna laiñorik bakoa nai dabe guztiendako.
Eztegu jentea, poz-jario, alkarri agurka ta moltzoan ta bakarrean argazkiak ateraten diarduen artean, Txomin ta Itziar eleiza barrura dira. Txit apaiña da. Urte batzuk dirala barriztu ta atondu eben auzotegi ontako neska-mutil zoliak; arrezkero jende asko dator bertora ikusten eta errezatzen; ederrak biotza tiratzen. Leen kareztuta egozan ormak, arri bizi dituzu orain, leena ta oraiña ilduski baten arnas-beroturik.
Gazte biak, ikus-gurea zerbait asetu dabenean, guitarra soiñu gozotan kanta au eskeiñi dautsoe Erdotza,ko Amari:

"Erdotza-ko lorea,
Bigun ta zuria
Gorde, zaindu egizu
euskaldun erria".
Ondoren, eztegutarrak oindiño euren alaitasunean itxirik, aurrera dagie Markiña,rantza.

Bide-gurutze

Uri barrura baiño len, bide gurutzea: Murelaga,ra diño ertzeko oltxoak. Ezkerretik etxe polit bat, lau ezku edo astigar aurrean ditularik. Or egalean, iru zoko egiñik, baratz txikia, ederto landutakoa. Ez andi ez txiki dan andra batek bere kipula, berakatz, porru, arbi, idar, baba, azelki ta olakoak  artzen dauz, eta orain be erdiz-erdizean diardu bere arloa jorratzen.
Biotz onekoa emiten dau-ta, arengana urreratu dira gazte biak. Emakume arek bai betarte argia! Atxur txikia laga ta bide ertzeko ormara yake. Jaso ta garbia dirudi bere jantzi ta berbetan; beso mardul biak karel gaiñean,
- Gaztetxoak! "dirautse-, bide au norantza doan? Or goiko Meabe auzotegira lenen, ta gero Lekotz zear, Aulesti ta Lekeitio,ra.
- Or goian, gaiñera, ez ete dago Santa Eufemi?
- Bai. Lekoitze,n artzen da, eskumatik, arako bidea. Zuek argiak zarie ta ba-dakizue onezkero Igotz-mendi (Urregarai) zein eta zelako mendia dan. Mendi atsegiña benetan. Arkaitz, zugatz eta landaz, tontor ikusgarria dozue. Orain etxeak be jaso dabez bertan. Gaillurrera eltzeko arlanduzko daukazue, berreun bat zapalda daukazana. Aitz gaiñean dago, ikusgarriro, Eufemi deunaren baseliza. Ezkutu ta misteri aundiz betetako tokia. Bertara igon nai al dozue?
- Ez. Markiña ikusi bear dogu; andik gero itxasaldera joteko.
- Meabe gaiñean egiten da ermita ori; ez da emendik ikusten, baiña ortxe dago txara gaiñean. Orain larogei bat urte, nire amak iñoanez, txara ortako koba-zuloan eta Santa Eufemi balseéis inguruan bizi izan zan padar bat, bakar-zale bat, oso entzuten aundikoa.
- Or be, orduan, ba-dagoz koba-zuloak, ezta?
- Padarra bizi zana bai, beintzat. Beste bat be, naiko entzutetsua, bidez zatozela, ezkerretik itxi dozue: Osolo koba deritxo.
- Nun gero? " bota dautso Itziartxok.
- Ortxe, neskato, Erdotza,ko ermitatik laster.
- Ortik igaro gara, ta ez dogu ikusi.
-  Antxiñako egunetan lamiñak bizi ei ziran bertan.
- Lamiñak? " neska-mutil biak, era batean.
- Bai, lamiñak.
- Gu orretariko batek bialduta gatoz....
- Zuek be, orduan, arein artekoak zarie? Gitarra ta jantzi orreik, egia esan, olako zerbaiten zantzu dira.
- Gu, ez uste, ez gaituzu lamiñ-endakoak; baiña orretariko bat beintzat maite dogu. Mesede bat, ez txikia, egin euskun eta orain, ak bialduta, orrazi eskean gabiltz. Zuk ba al dozu orrazi politik?
- Oba ez! Seme bat daukat pelotari Miami,n, eta arek bialtzen daustaz txitean potean. Bat ekarriko dautzuet, oso pinpiriña.
- Au poza! Biotzez eskertzen zaitugu.
Muiño ertzeko zelaian erne ta azten dan begi-zuri lorea ezagutzen ete ? Zoragarria emon oi dau, goizeko iruntzak bitxitu naiz aize ozkirriak zabutzen dauanean. Alakoxea dirudi andra ak be, bere arpegi gozo ta ibilkera atsegiñean. Joan eta Jesus baten ekarri dautse semeak Miami,tik bialdutako orrazia, polita, ponpox liraiña.
- Zu ona, etxekoandra ! esan dautso Itziar,ek.
- Zeruak ordainduko dautzu! Txomintxok, eskertsu.
Etxekoandreak, oindiño be, gose izango zirala-ta, ogizati bana ekarri dautse opil-puska batekin naste. Ta alkarri agur egiñik, Markiña,runtz doaz gazteak, opillari aginka. Pozik dabiltz, diru-mordoa jaso yakona baiño argiago.
Jatea amaitutakoan, Itziar,ek Txomin,i:
- Ba dakik, neba, bapo gabiltzana? Itxureak asko esan nai yok, urrean. Gu behiñik-bein ibillliago pozago gaioazak orain arte: arpegi alaiz artu gaitue bazterretan. Zer nai dok geiago? An zereko zerean larritu gintzoazan, eta errazoiz; baiña gero, aize meiak ur-gaiñez darabillen ontziarena lez dok gure ibillia. Gosea arintzeko ba-yoagu zer jana; sariak be, orraziak... Onela ibiltekotan, ez gabiltzak txarto.
- Bai. Guk be, arraiñari amuan jausi dedin, egiten dautsoena egin bear.
- Zer gero?
- Amuzkia atera, ta ondoren zapla! Au don: orraziak ziskura.
- Ik be, maltzur izaten ikasi al dok? Maltzurrak, baiña, ez dozak ondo ikusiak.
- Orrela don, Itziar. Goazen aurrera!

Uri griñatsu

Markiña ta Xemein lenago, eleizaz ta erriz, bi ziran. Orain, aspalditik, alkar-asarre ta ikusi-eziñak uxatzeko edo, batean bizi dira adiskide morapillo atsegiñez alkarri lotuak. Bitzuon kale, etxe ta baserriak  nastean daukaguz. Olan Xemein zarrago dalarik  be, ezerez bezela dogu gaur: bidegurutzetako oltxoetan bakarrik agertzen dana. Markiña, ostera, leen "uri griñatsu"zana, mundu zabalean txit aotan artua dogu gaur.
Lautada ederrean kokatua izanik be, mendi garai samarrez inguratuta dago Markiña. Iruzubieta,tik bertorantza gatozela, ezker-eskuma, mendi jagi ta txara illunak  dituzu nunnai. Aspaldi baten ezer askorik ezpazan be, gaur fabrika, lantegi, zerra, arrobi ta olakotan ba-da ugari; au da: nun lan egiña ta Naike ondo bizi izateko erea ez da gaur palta. Azken urteotan, etxe barriak be, bertoko langille ta abarrek nun bizi ta aterputu izan egien, astrapaladan jasoak izan dituzu. Erri baketsu, ta alai, dirudi.
Gizaseme ospetsu askoren kuma dogu. Andikiak, pelotariak, eleiz-gizon argiak, euskal idazle oparoak, bertsolariak , idi-probalariak... danetik emon dausku Markiña,k. Uretan eta arraiñetan ugari diran eureka bi berton alkartzen dira, besarkada samurrez. Kale estu ta zabalak daukaz, txandaka; amar-amabi jauregi eder, antxiñakoak. Eleiz nagusi eder bat, eta iru praille-moja komentu, euren ikastetxe ta guzti. Erdian dau zelai berde bat, zabala ta atsegiña, jenteak opor-aldian ibilliz aize ozkirria artzeko. Eta pelota-leku bikain-bikaiña, pelotari txiki ta andientzat.
Une onetan, baratzetako orma gaiñetatik kolorezko lora "txordo ta mulkoak, eta sarats-adarrak agiri dira narras. Etxe-gaiñak ke-jario, ezti ta baketsu. Musker bat, begi-ñirñir, arlosa ertzean geldi. Itzala eskatzen eguzki galdak. Sarrerako bide-kaleetan ez dabil arimarik.
Itziar ta Txomin, frontoi aurreko zelaiara elduz, atseden pizkat artzearren, bertako jarleku baten ezarri dira. Girgillu bat alboan kantari. Txominek be, ango ixiltasun gozoaren miesa urratu nairik, bere jogaillua zorrotik atera ta ariak emetuz, euskal abesti jakin bateri bereak esan-azo dautsaz.
Iñok entzuten ete ?

III MARKIÑA

« Zelan Markina-Etxebarri,n, Iremategi baserri onduan, dagon Altzibar deritxon errekatxua ; eta bere aitaitak esan eutsela askotan zelan ikusi zituan lamiñak orrazten, euzkitara urtenda, sorgin-orraziak esaten dautsen bedar batzuekaz. Eta Pedro Errekalde,k esan eustan lamiña oneik letaña, prozesiño ta otoiekaz jaurti ebezela emetik » (J.M. Barandiaran, Obras Completas, II, Bilbao 1973, 425 orr.).

Kale ta inguruak

Ordu bi ta erdiak dira. Ez da iñor agiri, edo oso gitxi, Markiña,ko kale ta bazterretan ; geienak jatordua dabe, antza, ta orretan diardue banaka batzuk izan ezik. Umetxoak be, kanpoko eguzki beroa baiño gurago dabe barruko kerizpearen gozoa. Begira oraintxe : langille batzuk bazkari legea eginda, euren arlora doaz ; baita ain langille ez diran gizaseme ta emakume batzuk akeit-etxeetara be.
Txomin eta Itziar,ek bitartean, bira-inguru osoa egin dautsoe erriari. Uri onek erdian daukan zelai zabal ederra, zugatz gaztez betea, iru bider zearkatu dabe. Aurrean daukie Mertzedeko komentua, eta karmeldar lekaideena. Urriñago, Elgoibar,erako bidean, Etxebarria, Barinaga, Aginaga, Iturreta, Murga, Munibe ta gaiñerako jauregiak: danak dotore ta lamiñ-edestiz gainezka.
Kalamu ta Urko aldetik datorren ibaitxoa " Urko- igaro ta gaixotegi aurretik doaz, dana ikusi nairik: Itziar,ek buruan daroa bere kapela biribilla, ta Txomin,ek besapean bere gitarra durundutsua. Emen Xemein,ko eleiza, egiazki ederra, baiña itxirik dago; or "Esperanza"lantegi aundia: bada langai, tramankulu ta makiña otsa barruan. Lan-eskola barria ta Gaitandarren torretxea miretsi ondoren, ondoko zubi-azpitik labanka doan uraren ederra ikusiz, bitsetan egon yakuz pizkaten.
Ortan dagozala, konturatu barik, sei-zazpi mutiko urreratu yakez. Gure gazte biak, jantzi ta jogaillu, era orretan ikusiez, ao zabalik geratu dira, euliai aterpea erakusten, esan oi danez. Arein jakin-miñari ase-betea emon nairik, Txomintxok, gitarrea besoetan artu, orma gaiñean jarri ta sekulako doiñuak eskeiñi dautsez. Arein poza ta entzun-gurea!

 

Zaartxo bat

Udaletxe azpian dagoz jarrita. Kale-Oker zaartxo bat, jakitun itxurakoa. Txomin, bertatik jagi ta gizon ari zerbait itandu guraz, urreratu yako.

- Aitita ! " diñotso, alai ta urten.

- I, txotxo " gizonak erantzun- , i ezaz iñundik be atearen azpiko orri.

- Ezta bear be, gabiltzan bidean " Txominek ari.

- Zer ba?

- Gu neba-arrebak gara. Erriz erri gabiltz nun zer barri, ta eskean. Beraz, ausartak izan bear. Parkatu, otoi: erri ontako albiste batzuk jakin nai geunkez: lendikoak naiz oraingoak, bardin dausku. Oraindik gordiña dirudizun arren, zuk ba dozuz zeure urteak, burua soil dozu-ta. Nire aitak diñoanez, buru-soiltasuna gizon zurraren ezaugarri da. Au be esan oi dausku: jakituria ez datorkiola gizonari bat-batez, apurka baizen.

- Eta zer gura dozue, gazteok?

- Markiña,ko barriak, bertoko gizon eta gauzenak.

- Markiña! Erri dotorea dozue, ta entzute aundikoa. Bertoko jauregi ta etxetorreak kendu ezkero, lenago están zer aundirik, baiña azken urteotan etxe barriz ornidu yaku. Irabaziz be ez dabil txarto.

- Parka! " dirautso Txominek-; atsegin ba,yatzu, jarleku onetan gengokez obeto.

- Ederto! Derantzu zaartxoak.

Eta alkarren ondoan egokitu dira irurak. Aitita erdian, Itziartxo ezkerrean eta Txomin eskumaldean. Alaia, alan emoten dau gizonak; argi ta adimen zorrotzeko. Tximurrak ditu bekokian. Garbi jantzia dago. Eskuak latz, langille izana dirudi. Agin bakanak erakusten dauz, irriak eskatuta sepan-ertzak luzatzean batez be.

- Ondo letorkigu guri emengo kondaira pizkat " asten da Txomin-; entzutez bakarrik ezagutzen dogu  Markiña. Berriztarrak gaituzu, ta araiño be eltzen, zelan ez?, beronen izena. Baiña guk, tamalez, bertoko gorabehera gitxi dakigu.

- Ain jakin-gura zarien ezkero, zerbait beintzat pozik adierazoko dautzuet. Markiña ez da zaarra, amalaugarren gizaldiaren erdirantza irasia dozue-ta. Tello Bizkaiko jaunak 1355,garren urteko maiatzaren seian, Bermeo,n idatzitako eskutitz batez emon eban uri au jasoteko baimena. Lautada onek iru ibar daukaz: Oiz eta Lekoitz-etik datozan Irak osotzen daben Artibai eureka ondoa; Gantxia, Kalamu, Urko ta Ukarregi,koa osotzen dabena, ta beerago, uritik urtenda, Artibai ta Urko,ren Irak alkartzen diran lekukoa. Lenago, Markiña ta Xemein bateratu aurretik azkenengo toki au zan garrantzitsuena, ta Xemein eritxon. Erri biok alkartu ziran, bai, gaur Etxebarria ta Ziarrotza,k egin daben lez; baiña, nire eretxi apalean erri txikiak be obeto bizi dira euren kontura, iñoren pentzutan baiño. Erriz auxe dozue gaurko Markiña.

- Eta gizonez?

- Ez da exkaxa.  Markiña aldeko etxe ta jauregietan armarri asko agiri dira: ikur ta armarriok ez dira errazoi barik ipiñiak izango. Or doguz Ugarte, Barroeta, Bidarte, Ubilla, Munibe, Murga, Gaitan, Ansotegi, Uhagon, Mugartegi torretxeak. Emengo kaleak ez dozuez gaurkoak seireun urte edo geiagokoak baiño. Gure asabak ementxe bizi izan ziran, Urko ta Artibai eureka ertzetan, astegunez langille ta igande-jaietan atseden. Karmenak dira emengo zaindari-jaiak.

- Gizon ospetsuak?

- Baita. Torretxean bizi ziranak ez-ezik, beste asko be, bertoko semeak, ezagutu ditu eleizate onek. Ona batzuk: Juan Barroeta, Prai Frantzisko Ugarte, Pedro Munibe.  Iñazio Munibe, Bartolome Ibaseta-Beitia, Juan Antonio Mogel, Prai Bartola, karmeldarra. Euskal idazle bikaiñak dozuez azkenengo biok.

- Zenbat biztanle, arima lez daukaz gaur Markiña,tik?

- Sei millara ez da eltzen.

- Emengo pelotariak be ospe aundia dabe. " Txominek.

- Bai orixe! Pelota Ikastetxea emen eukitea ez da auntzaren garberdiko eztula lez. Jokolari onak dozuez markiñarrak, musean, bolaketan   arri-jasotzen, palankan, txingo eroaten naiz beste edozein joku-motatan. Baiña pelota-zale dira geien bat. Len eta orain zenbat markiñar pelotari, or munduan zear! Inguruetako baserri ta urietatik be ainbat datoz ona pelotan ikasten.

- Eskola liburuetan be aitatzen dira emengo pelotariak.

- Orrela da. Izenak aitatzen asi ezkero, sail aundia osotu geinke. Onetik beintzat gogoangarri doguz: Luis Arakistain, atzelari bizkorra; Pedro Amoroto, Pola, Zugarri, Laba, Salazar anaiak, Jenaro Arrate, Tomas bustindui, "Arrarte", Erdotza anaiak, Maguregi, Urbieta, Bereziartua, Bustingorri ta beste asko oneik lakoak. Ipar-Amerika, Kuba, Filipinas, Itali, México, Txina, Argentina, Cairo, Alejandría, Madrid, Bartzelona... nun etziran ibili? Gaurkoak be arein ezpalekoak dira, onak eta konta-ezin ala.

Au esanda, gaztetxoai adi, pozaren gozoa arnas artzen dau zaartoak Maite dau bere erria, eta entzuteko gertu dagonari, bizi-bizi edestu oi dautsoz Markiña,ko gauzak.

Pelota-lekua

Ixil-une laburraren ondoren, Txominek zaarrari:

- Guk, aittia, pozik ikusi geunke frontoia.

- Bai, gaztetxoak; goazen ara.

Eta Guenkale zear, Karmengo komentu aurretik, ara dira irurak. Bidean, Mugartegi jauregiari aurrez-aurre dagoan iturri zardaiña erakutsi dautse. Toldope ta Zelai zabalean bada orain jenterik, zaar eta gazte. Erriko liburutegia eskumara itxi ta pelota leku barruratu yakuz zaar-gazteak.

- Au leku ederra! "diño Txominek, pelota leku zabal edatua ikasiaz.

- Egia "zaartxoak erantzun-; urte gitxi dirala barriztatua dago. Ikasle asko ditugu berton, iñoz be aspertu barik. Ez dira beti partidu aundiak egiten; egiten diranean orraitiño, udaldian batez be jainko txiki batzuk jokatzen dabenean, ikusten dozuezan jarleku guztiak bete-beterik egoten dira.

- Jente asko artzen dau?

- Nok jakin zenbat! Gora aundiko partidu bat jokatzen danean, gaiñera, ikusgarria izaten da oso. Jokolariak, jo ta jo, nekatzen dira, zelan ez? Baiña nekatzen dira, tae z gitxi jokoa atondu ta zuzendu dabenak be. Euskal jentea trebea da ortarako, ta markiñarrak eredu doguz.  Zelako trebetasuna ezarri oi daben trabesak eratzen! Ikusi barik, siñistu eziñekoa da. Egia bene-benetan, jokolariak jokatzen baizen erne ta trebeak izan bear dabe trabesetan diarduenak euren ezarpenak jasoten.

- Edu orretan autuan diarduela, ateak zabalik ikusiaz, mutil koskor taldea sartu da barruan.  Eun begi dira Txomin gitarreaz eta Itziartxo zisku ta kapeleaz ikusiaz. Sor ta lor, mamortuta gelditu dira.

- Pelotari txikiak dozuez oneik "diñotse aititak.

- Ikasten dabiltzanak? " Txomintxok.

- Bai- Partidu bat eratu "diñotse aititak pelotari txikiai-, neba-arreba oneik ikusi dagien.

Aida baten, txokoan daukezan pelotak eskuratu ta su ta ke asi dira pelotan. Au jasa! Amar-amaika urte daukiez oindiño, ta oneik bai Daniela peloteari gurpilla emoten! Begira dagoz txiki biak, eta aitita, ase eziñik.

Amaitu dabenean, gure txikiak be, arein ekiña ordaindu nairik, zerbait eskeiñi bear euren aldetik. Eta Txomintxok jo ta Itziartxok kanta, "Aitor,en izkuntza"ordaiñez eskeiñi dautse. Pelotari txikien txalo-jo bearra!

Arretxinaga

Pelota lekutik urtenaz, Txominek aititari:

- Orain, aitita, neke aundia ezpa-yatzu, Arretxinaga ikusi gura geunke.

- Atsegin aundiz. Goazen ara "dirautse aititak, pozarren.

- Zu bai ona! " Itziartxok, zapla.

Irurak ara zuzendu dira. Kontu-kontari doaz, kalea zear. Ara eltzean, alboko etxean giltza eskatu ta eleiza barrura dira. Ikusgarria Mikel deunaren egoitz au. Ainbat jente etorri oi da bertora ikusten, udaldian batez be. Iru arri aundi daukaguz emen, miresgarriak, goian alkarri dautsela. Txundituta dagoz gazte biak aititak zerbait azaltzen dautsen bitartean.

Eleiza au, zaarrak diñoanez, gaur daukagun lez 1741,an egiña da, arlanduz egiña izan be. Erdiko arriok nok ipiñi ete ebazan gaur dagozan lez? Noiztik iñok ez dakiala, berton aurkituak ete dira? Ala viola aundiren batek ona ekarriak? Ala gizonak "jentillak " olan eratuak? Edo-ta, lamiñen edo sorgiñen baten asarre-aldiak? Ez dakigu.

Euron azpitik igaro daiteke, ta ona datozenetatik asko igaro oi dira senargaia idoro nahi daben neskatxak. Katamarka ibilli bear da, igarobidea estua da-ta. Katamarka ta alboka, arriai ikuturik egiteke, batetik besteraiño. Iru altara daukoz arri artean, erdikoa Mikel deunarena delarik.

- Zoragarri!  diñoe neba-arreba biak, luzaro ikuskatu ondorean.

Gabaro

Markiñar erakusle a benetan ona ikusirik, Txomintxok beste mesede bat eskatu nai dautsa, esanez:

- Orain, aitita, neketsu ezpa-yatzu, Gabaro ikusi nai geunke.

- Gabaro! Lamiñen bizi-lekua, koba-zulo entzute aundikoa; bardin, Kanterazar.

- Gu, ain zuzen be, lamiña batek bialduta gabiltz orrazi billa.

- Bai. Ulertzen dot. Antxe aurrez aurre daukazue GAbaro. Etorri neugaz. Arako bidean ipiñiko zaituet.

Atseden barik, Urko erreka gaiñeko zubia igaro ta San Jazinto ermita ondotik gorako bidea erakusten dautse. Andik gora jo ezkero, laster aurkituko dabe Gabaro; ez daukie galtzerik. Eta gidari zaartxoari samur eskerrak emonez, lamiñen arperantza doaz bizkor gaztetxo biak.

Eguzkia sartua da onezkero mendian bestaldetik, Kalamu txuntxurra bere azken-izpiz urreztaturik. Illunabar ozkirri. Itzalak datoz ipar aizearen bizkar, bazterrak Illán korromorrotuaz. Bikote txikia goibelaren bildur, toki ezezagunean dabiltza-ta. Osoro illundu dau, ta goian ez da izaren begi zurizkarik kiñuka. Gurbiz, abaro ta auntz-osto artean galduta... Txikien minkaiztasuna! Itzetik ortzera, aize-burrunbada ta argi-jaurtika inguruak .... Eta konturatu orduko, alkarri eskutik elduta doazan neba-arrebatxoen aurrean neskatx segailla, txotadun eta jantzi zuriko, agertzen da irribarretsu ta maitekor.

- Itziartxo! Txomiñek bere arrebari, alkar estutuz.

- Txomintxo! " Itziartxok, biotz larri.

- Ez izutu, gazteok!  - diñotse neskatxak, mosuan parra ta biotza maitati-. Gañí-alde ontako maitagarria nozue. Ez dautsat iñori kalterik egiten. Neska-mutil gazteen zale naz. Poz-kutsuz ta maite-arnasaz ase nai ditut oneik.

- Orren ongille, ta zelan bizi zara bakardade ontan? "bikoteak bertatik, aurreneko latz-ikara zerbait eztitu ondoren.

- Auxe nire bizitegi, ta nire antzekoena; Gabaro, Igotz-azpiko leza-zulo ixilla. Erdi gizaki, erdi pizti guerréala diñoe or zuen artekoak. Gizonak ez gaitue euren laguntzat ezagutu gura; baiña gu ez gara gaizkin. Orma ta gela estu artean bizi dira gizasemeak; gu emen, izadiaren altzoan, argi-aize ta osto artean. Gizasemeak kale, bide ta jolas-lekuetan txulumulu ta barailla nai dabe; guk, ostera, abkartadearen ixillezko goztasunaz naikoa dogu.

- Zu orduan lamiñen erreiñukoa zara? " Itziartxok ari.

- Bai, gazte! Ezagutzen al donaz lamiñak?

- Ezagutu, ezagutu... Bat ezagutzen dogu. Ak bialduta gabiltz orra ta onera. Araiñegun Oiz puntan, ekaitz gogor ostean galdurik gengozala, berak artu ginduzan oso maite. Gero, orrazi eskean bialdu ginduzan; emen gabiltz ordutik, orrazi billa.

- Ba-dot nik zuen barir. Emen izan zan atzo Anboto,ko lamiña zuloko andereiñoa: ak esan eustan Oiz gaiñean jazo yakona. Baita zelako adiskidetxoak egin ebazan be. Zuek zarie, beraz, arek bialduak?

- Bai, geu gara...

- Zatoze neugaz. Neuk emongo dautzuet estatua.

IV ONDARROA

"Erri irudimenean Mari ez zaigu aurkezten numen edo jainkoki bakar bat bailitzan, numen-aizpa vatus bailiran baizik. Markiñan, Kanterazarko koban agertzen dan Marije Kobako, Anbotokoaren azipa dala diote, eta noizik bein elkar ikusten ere dutela"(J.M. Barandiaran, Euzko-Gogoa, 1954, azilla-lotazilla, 200 orr.)

Oporrez

Biaramonean, goiza printzetan erdibitu daneko, mailluki-zukuzko gosari aotik ezin itxia artu ondoren ba-doaz gure neska-mutillak Ondarru,rantza. Barroeta ta Ubilla torretxeak ezker-eskuma itxi dabez dagoneko. Or Urberuaga, len naiz orain ospetsua: gatzugaiz aberats diran Irak daukaguz berton, arnasa eztitzeko egokiak nunbait.

Aspiltzarako bide-egaleko errekondoan mutil txiki aldrea. Onein zarata ta iskanbilla! Zetan ete diardue? Eskolak amaitu dirala-ta, nasai bizi dira, goiz ta arratsalde jolasari emonak. Zurrumurru artean, alkarri eldurik lez dagoz, arek eta onek zer dagian adi-adi. Kastorrean dabiltz. Aspaldietako ekandua eskola mutikoen artean: euri naiz aterri, aspertu barik jokatu oi dabe, bazkari ta askariaz be aztuta sarri. Temati ta zital, egun osoa emongo leukie jolasean. Eskola garaian be, udabarriz, zugatzak orriz jazten diranean, makiñatxo bat ordu ikasteari ostuten dautsoez!