Historia

 

HISTORIA

Markina-Xemein Euskal Herriko edozein herriren antzekoa da erlijiotasunari dagokionez, edota pixka bat aberatsagoa, erakunde erlijioso ugari baititu bere barruan.

Gure bizitza soziala eta kultura, erlijiotasunez blai daude. Antzina zaharrera, gure arbasoen garaietara, begiratzen badugu, erlijiotasun-aztarnak garbi agertuko zaizkigu. Erlijiotasuna zentzu zabalean uler daiteke, baina hemen eta gaur, erlijiotasuna esaten denean, kristau eta katolikoa esan nahi da.

Gure garaiko euskal kultura kristau-kulturarekin estu-estu uztarturik dago. Hizkuntzan eta erakunde publikoetan begi-bistakoa da hori. Esaterako, kofradia izena, auzoa adierazteko; elizatea, hiribildua ez den Bizkaiko herri-erakunde zaharra, herriko bilerak elizpean egitetik izena hartzen duena; piela, elizate edo herriko burua; piel-harria, piela esertzen zen elizpeko harrizko mahaia; erromeria, debozioz egindako bidaia (jatorriz Erromara joateaz esaten zen); gaur egun, santua bisitatzearen aitzakiaz, egin ohi den herri-jaia da; erromesa, santutegi batera joateko herriz herri ibiltzen dena (izenaren arabera, santutegi hau Erromakoa da, kristautasunaren bihotza)... Hauek errealitate zabalago baten adibide xumeak baino ez dira, kristau-kulturak gure kultura zenbateraino markatu duen eta zein aztarna garbiak utzi dituen erakusten dituenak.

ERAKUNDEAK

Parrokia

Elizbarrutiaren zelula da; gotzainaren agintepean, erretorearen gain utzitako elizbarrutiaren zati jakina; arima bat baizik ez duen Jainkoaren familia, giza senitartea; lekuko kristau-elkartea; mundu osoan ezarria den ageriko Eliza adierazten du. Elizaren antolaketa hierarkikoaren atal bizia da, herriaren hurbil-hurbilean dena. Beraz, parrokia, kristauen elkartea da; ez da eraikina, baina eraikin baten inguruan eratzen ditu bere ekintzarik gehienak eta izena ere hortik hartzen du.

Markina-Xemeingo udal herrian hainbat parrokia daude: Xemeingo Andra Maria Jasokundekoa, Ziortzako Andra Mariarena, Bolibarko San Tomasena, Barinagako San Pedrorena eta Amalloako (Larruskain) San Ignaziorena.

Kristau-herria biltzeko, sakramentuak ospatzeko, Jainkoaren hitza aldarrikatzeko eta erlijio-kultua egiteko, ez dago nahitaez parroki eliza izan beharrik. Markina-Xemeinen, Mesedetako Andra Mariaren elizan eta Karmengo Amaren elizan biltzen dira kristau asko beren erlijiotasuna bizitzeko, parroki elizak izan ez arren.

Auzo edo kofradiak

"Auzo" hitzak kontzeptu orokorra agertzen digu, testuinguruaren arabera hainbat esanahi desberdin hartzen dituena. "Kofradia" hitzak, berriz, adiera erlijiosoa du jatorriz. "Anaiartea" esan nahi du edo, hobeki, "senitartea". Ermita edo santutegi baten inguruan antolaturik dauden auzotarren multzoa da.

Ermita komunitatearen gozamenerako eraikintzat hartzen da eta, erlijio-kultuaz gain, zeregin zibilak betetzen ditu. Gaur egun ere, hainbat udal-iragarki ikus genitzake haien ateetan jarrita. Baina, alde horretatik, esanguratsuena elizpea da, hau da, aterpean dagoen ermitaren atari ingurua. Hor biltzen ziren auzoko etxeetako ordezkariak. Ermita zen bizitza horren guztiaren ardatz.

Bizkaiko hainbat herritan, indartsuago edo motelago, baina oraindik bizirik daude kofradiak deritzen ohiturazko erakundeak. Ermita baten inguruan sortu dira eta hala diraute. Ermitak biltzen ditu auzotarrak eta hark ematen dio erakunde honi sendotasuna.

Auzotarren batzar hori zen kofradiaren organo nagusia. Hor jartzen ziren urterako karguak eta antolatzen komunitateko ekintzak; auzo-ondasunei buruzko erabakiak ere hor hartzen ziren.

Markina-Xemeingo udalerrian hainbat kofradia daude; ospetsuenak eta, gaur arte kofradia izaerari nolabait eutsi diotenak, hauek dira: Amalloako San Joan, tradizioaren arabera, Xemeingo lehenengo parrokia izana; San Martin Muruakoa; Iturretako San Kristobal (jatorriz, San Joan Bataiatzailearen izenez eraikia; 1632an fundaturiko elkarteak ere izen hori du, baina XX. mendeko 60. hamarkadan berritu zen elkartea Joan Mari Solozabalen eraginez eta izen hau agertzen da: ASOCIACIÓN DE SAN JUAN BAUTISTA Y SAN CRISTÓBAL DE ITURRETA); Barinagako Santa Marina (Santamañe).

Beste bi ermita ospetsu aipatu behar ditugu, lehenago Xemeingo elizateak hartzen zuen lurraldean: Erdotzako Andra Mariarena eta Arretxinagako San Migelena. Hauek santutegiak dira eta, Markina-Xemein hirigunetik hurbil izanik, ez dute kofradien izaera erlijioso eta zibila. Bai batean eta bai bestean, elkarte edo komunitateko kide diren kontzientzia nabari da auzotarrengan, baina Markina hiribildukoekin nahasirik daudenez gero, ez da gauzatzen edo zehazten sentimendu hori. Erdotzako Andra Maria ermitak, antzinako Done Jakue bidea izana berrindartu nahi duela dirudi. Arretxinagako San Migel, turismoari dagokionez, leku garrantzitsua da. Horrez gainera, ermitaren ingurunean daude lehengo xemeindarren erakunde zibil batzuk: udaletxea, eskolak... Egiaz esanguratsua da San Migel eguneko ohitura hau: Markinakoa eta Xemeingoa zen Jasokundeko Andra Mariaren parrokiatik prozesioa egiten zen Arretxinagarantz. Xemeingo udalbatza bien arteko mugarria zegoen zubian egon ohi zen zain. Hara iristean, prozesioa gelditu eta bi alkateak bataren eta bestearen eskumeneko banaketa-lerrora aurreratu ohi ziren eta bien alkate-zigorrak gurutzatuz, muin egin ohi zioten gurutzeari; lehenengo Markinakoak eta gero Xemeingoak. Hori egin ondoren, Markinako alkatea, bere udaltzaina lagun zuela, hiribildura itzultzen zen eta prozesioak aurrera egiten zuen, Xemeingo lurretan orain, elizateko udalbatza buru zela, Arretxinagako ermitaraino. Uste da, XVI. eta XVII. mendeetan bien artean izan ziren gatazka eta borroka ugarien ondoren, bakeak egiteko elkarri emandako besarkada esan nahi duela ekintza horrek. Gertakari honetan ere, kofradietan ikusi dugunez, alde erlijiosoa eta zibila estu-estu uztarturik ageri zaizkigu, baina ez nahasirik. Hau da, naturaltasun osoz elkarturik, baina era berean libre eta bakoitza bere eskumenean.

Xemeindarrek, lehen izan zirena subkontzientean gordetzen dutelako-edo, badute, aipaturiko elkartasun-sentimendu horrekin batera, halako harrotasun antzeko zerbait, ziur asko belaunez belaun datorkiena.

San Agustin beaterioa

Xemeingo elizaren ondoan San Agustin deritzon antzinako etxe bat dugu. Hortik Abesua Kalera jotzen duen kaleak ere izen bera du. Lehenago, Monasterio de la Piedad zeritzola dio J.J. Mugartegik, baina 1621. urteaz gero, gaur egun duen izena ezarri ziotela. Paperetan irakur daitekeenez, 1543an jartzen da beaterio horren sorrera. Gaztelaniaz "beatas" deritze; euskaraz "serorak", baina hitz honek nahasketa eragin lezake zenbait hiztunen artean, Nafarroan eta Iparraldean moja edo lekaimea esan nahi baitu. Zer ziren serorak? Kristautasunaren lehen garaietatik zetozen diakonisen ondorengo bezala ikusi zituen Larramendik. Serora-izendapena agerikoa izan ohi zen, jende aurrean egina; izendapen horren ondoren, gotzainak eman behar zuen oniritzia. Komunitatean bizi ziren eta Ordena jakin bateko abitua janzten zuten. Haien egitekorik behinenak hauek ziren: elizak garbi eta apain edukitzea, argizaiola eta Gure Jaunaren argiari kargu egitea. Elizkizunetan emakumeen zeremoniak zuzentzea, prozesio eta hiletetan apaizari zuzenki ez zegozkion hainbat zeregin betetzea... Ermita eta santutegi ondoko etxeetan baziren bakarrik bizi zirenak ere. Hauetarako, gehienetan, gizonezkoak izendatzen ziren. Gaztelaniaz ermitaño edo eremita deitzen zitzaien eta euskaraz eremutar edo padarrak. Hain zuzen ere, Arretxinagako ermita ondoko etxeak izen hori du, ermitaren ardura zuena bertan bizi zelako.

Xemeingo beaterioan lau bat urtean serorak edo beatak biziko ziren. 1547an Mesedetako mojak zeudela badakigu. Hauek, 1635eko urriaren 18an, orain dauden lekura aldatu ondoren, San Agustinen serorak etorri ziren 1967an, bertako patroi zen Joan Andonegi eta Bidarte-k etxe hori eskainirik. Durangoko Agustindarren agindupekoak ziren.

Ordena edo Institutu erlijiosoak
Mesedetako mojak

Markina-Xemeingo Institutu erlijiosorik zaharrena Mesedetako mojena da (markinarrentzat Mertzedeko mojak). Goian adierazi dugunez, Xemeingo San Agustin beaterioan bizi izan ziren 1547. urteaz gero. Hainbat urtetan klausurarik gabe. 1621eko ekainean buru-estalki beltza jantzi zuten eta klausura-legea zin egin. 1635eko urriaren 18an, goizaldean oraindik ilun zela, aldatu omen ziren Ana Sarasuak Abesuan eskaintzen zien lekura. Gure Jauna, kanpaia, gauza sakratuak eta hildako mojen hezurrak ekarri zituzten toki berrira. Eliz agintariei eta herri-agintariei ezer adierazi gabe eta Kalahorrako gotzainaren baimenik gabe egin zuten aldaketa. Dena dela, agintariak lekuz aldatze horren aurka gogor agertu arren, ez zuten inola ere amore eman eta, arrazoi sakonak eta bidezkoak izango zituztela uste da.

1917. urteaz gero, ikastetxea du. Lehenengo urte horietan oraindik klausurakoak ziren. 1924an, Margarita Maria Lopez de Maturanak Institutu aktibo eta misiolari bihurtzeko asmoa agertu zion Ordenako Jeneralari. Aita Santu Pio XI.aren oniritzia jaso zuen eta lehenengo misiolariak Wuhu-ra (Txina) irten ziren 1926ko irailaren 19an. Berrizko komunitateari 1930eko abenduaren 13an eman zitzaizkion Institutu misiolari berriaren Konstituzioak. Pixka bat geroago aldatuko zen Markinako Mesedetako komentua Berrizko Misiolarien Institutu berrira.

Ikastetxearen bidez, batez ere, Mesedetako Kongregazioak lan ederra burutu du garai luzean. Azken urteetan, komentu honetako eliza, parrokiako hainbat zeregin betetzeko ere erabili izan da.

Fraide Karmeldarrak

Santa Teresak 1562an hasi zuen moja karmeldarren berriztatzea Avilako San Jose Komentuan eta 1568an fraide karmeldarrena Duruelon, San Joan Gurutzekoa lagun zuela. Horrela, Karmeldar Teresiarren Ordena munduko alde askotara zabalduko zen.

Markinan, 1691ko otsailaren 2an izan zen komentuaren sorrera, fundatzaile Ignazio Munibe eta Axpe, Ziortzako Kolegiatako abata, Peñafloridako kondeen semea izanik. Elizaren estreinaldia, berriz, 1724ko abuztuaren 15ean izan zen.

Karmeldarrek, otoitzean eta apostolutzan, bizimodu normala egiten zuten Frantsesen gerratera arte; orduan komentutik alde egin beharra izan zuten (1809-1813), eta soldaduak jarri ziren bertan. Aita Bartolomek komentua berreskuratzea lortu zuen 1813an.

Giro sozio-politiko nahaspilatsuen ondoren, Estatuak komentuak ixteko dekretu orokorra eman zuen. Markinako Karmeldarrek 1839an alde egin behar izan zuten komentutik. Ondorengo urteetan komentua eskola, ospitale eta kuartel izan zen.

Markinako komentu honek garrantzi handia izan zuen geroko urteetan. Ordenaren errestaurazioa, birfundazioa, Markinan hasi zen 1868an. Hemendik Euskal Herri osora, Espainiara, Indiara eta Hego Amerikara zabaldu zen Ordena. Gainera, Ordenaren batasuna eragin zuen Markinak, bitan zatiturik baitzegoen (Italiako Kongregazioa eta Espainiako Kongregazioa).

Ordena berriro ezartzeko baimenean, itsasoz bestaldeko misiolarien ikastetxea irekitzeko baldintza zegoen. Hemen heziera harturiko hainbat misiolari handi izan dira Hego Amerikan eta batez ere Indian. Horrez gainera, apostolutzan eta euskal kulturan lan handia egin izan da komunitate honetan.

Moja Karmeldarrak

Markinarrentzat "Beheko Mojak". 1890eko ekainaren 14an Avilako San Jose komentutik etorritako sei mojak eman zioten hasiera Markinako fundazioari. Avilatik zetozen eta, horregatik edo, Santa Teresak sorturiko lehenengo komentu haren izen bera jarri zioten: San Jose Komentua. Aita Pedro Jose Alkorta karmeldar eta markinarraren eraginez, Epifania Argaiz Munibek horretarako utzitako dorretxe eta baratzean egin zen komentu berria.

113 urtean izan dira Markinan eta 2004ko martxoaren 30ean aldatu ziren Zaldibarko komentu berrira.

Ordena erlijiosoen inguruan sorturiko zenbait elkarte eta mugimendu

Mesedetako komentuan, irakaskuntzara bideratuak izan dira ia ekintza guztiak.

Karmeldarretan hainbat kofradia edo elkarte izan dira. Esaterako, Karmengo Hirugarren Ordena, Karmengo Amaren Kofradia eta "Semana Devota", Santa Teresatxoren Deboziozko Bazkuna, San Joseren Kofradia eta Pragako Jesus Haurraren Kofradia. Azken bi hauek bizitza joria izan dute oraintsu arte eta markinar askoren gogotan daude.

San Joseren Kofradiaren sorrera 1889an jartzen da, baina lehenago ere bazela adierazten dute agiriek, datari dagokionez, zehaztasun argirik eman gabe.

Pragako Jesus Haurraren Kofradiaren sortzaile eta eragile Aita Zezilio Jauregi izan zen, Aramaioko Barajuengo semea. 1914an sortu zuen Kofradia hau. Markinako umeen artean indar handia izan du joan den mendeko 80. hamarkadara arte. Indar horren seinale da, esaterako, Goiko Portaleko iturri gaineko Pragako Jesus Haurraren marmol zurizko irudia, 1923an jarria.

Karmengo Amaren Kofradia da zaharrena. Frantsestean galdu edo erre gabe gelditu ziren dokumentu bakanetakoa kofradi honen liburua da. 1777an sortu zen. Liburu honetako zerrendak herriz herri jarrita daude. Markina-Xemeingoez gain, Bizkaiko herri askotako pertsonak ageri dira eta Gipuzkoako hainbat herritakoak ere bai. Zerrenda horretan, Karmengo Amaren kofradeen artean, izen ospetsuak datoz. Folio berean ageri dira, Joan Antonio Mogel, beheraxeago Kosme Madariaga (Frai Bartolomeren aita), bi lerro beherago, Bizenta Mogel, Joan Antonioren iloba. Geroago, Frai Bartolomek bere eskuz idatziriko bi orrialde edo datoz...