Historia

 

Markinako Guen kalea 18. zenbakian jaio zen 1888ko irailaren 23an. Lehenengo ikasketak Markinan egin zituen. Latina ikasten eman zituen gero hiru urte herriko karmeldarren komentuan bertan, 1901etik 1904 arte. Urte horretan Larreako nobiziatuan sartu zen. Profesa egin ondoren bi urte eman zituen Markinan giza zientziak (humanidades) ikasten. Filosofiako ikasketak Iruñean eta Gasteizen burutu zituen eta teologiakoak Gasteizen eta Burgosen.

Musikari eman zion oso gazterik eta dohain harrigarriak agertu zituen horretarako. Solesmesko Abadian izan zen musika gregorianoa hobeto ikasten.

1937an kartzelan sartu zuten, nazionalista buruberoa eta nazionalismoaren zabaltzaile izatea egotziz. On hutsa zen izatez, baina Dueñas eta Carmonako kartzeletatik igaro behar izan zuen eta fusilatua izatetik ozta-ozta libratu omen zen. Kartzelan ere abesbatza edo koru bikainak antolatu zituen...

Eliz musikan eta batez ere musika gregorianoan gailendu zen, baina baita euskal musikan ere. Bai gregorianoan eta bai herri-musikan, harmonizatzaile bikain-bikaina izan zen. Obra ugaria du Aita Jose Domingok. Guztien artean hiru hauek aipatuko ditugu: Missa Pastoralis, Missa Secunda Pastoralis eta Stabat Mater.

Markinan eman zituen bizitzako azken urteak. Aita Emiliano, adiskide min eta musikari ona, hil zenean etorri zen bere jaioterrira, haren hutsunea betetzeko.