Historia

 

Nicolasa Pradera Markina-Xemeinen jaio zen 1870. urteko abenduaren 7an, hain zuzen ere San Nikolas egunean, eta 89 urterekin hil zen Madrilen, 1959. urtean.

Sukaldari laguntzaile gisa sartu zen 1890. urtean Gaitan de Ayalatarren etxean, Patrokua Jauregian. 20 urterekin hasi zen lanean Gaytan de Ayalatarrekin, eta 1912. urtera arte jarraitu zuen. Hau da, 22 urtetan aritu zen sukaldari gisa familia honentzako.

Gaytan de Ayalatarrak utzi eta "Casa Nicolasa" jatetxea zabaldu zuen 1912. urtean, Donostiako Aldamar Kalearen 4. zenbakian.

1933. urtean, hau da, "Casa Nicolasa" jatetxea saldu eta hiru urtetara, Andia jatetxea zabaldu zuen bere seme-alaben laguntzarekin Kontxan bertan.

Edadean sartuta, 30. hamarkadaren bukaeran, Donostia utzi eta Madrilera joan zen bizitzera bere familiarekin. Madrilen "Nicolasa" jatetxea zabaldu zuen 1940. urtean.

Nicolasa Pradera sukaldari eta enpresari ona izan zela ez dago inolako zalantzarik. Horren lekuko da sortu zituen jatetxeak oso famatuak egin zirela. Dena dela, Nicolasa Pradera batez ere ezaguna da idatzi zuen sukaldaritza liburuagatik: "La cocina de Nicolasa". Ez da edonolako liburua. 1933. urtean egin zen lehen argitarapena eta geroztik 19 alditan berrargitaratu da, azken argitarapena, hogeigarrena, 2001. urtekoa da.

Sukaldaritzako liburu klasiko bat da. Adituen arabera, sukaldaritzako liburu oso ona da, errezeta aukera zabala eta oso ondo azalduta eskaintzen dituena.

Gainera, azpimarratzekoa da Madrileko Gregorio Marañon (1887-1960) mediku, ikerlari eta idazle famatuak egin zuela bere liburuaren sarrera.

Ahantzi samarrak baditugu ere, Markina-Xemeinek emakume bikainak sortu ditu. Horren erakusle da Nicolasa Pradera Mendibe, Markinako sukaldari, enpresari eta idazle fina.