Xehetasun geografiko eta demografikoak

Lurralde historikoa: Bizkaia

Markina airetik

Eskualdea: Lea-Artibai.

Azalera eta orografia: Markina-Xemeingo udalerriak 45 kilometro koadroko luze-zabalera du eta Artibai errekaren erdialdean dago, Artibai eta Urko errekek bat egiten duten lekuan, hain zuzen. Mendi ugariz inguratuta dago, 300 eta 800 metroko altuera bitartekoak: Urregarai (697 m.), Kalamua edo Max (767 m.), Urko (791 m.), Akarregi (438 m.), Zapola (551 m.), besteak beste. Inguruetako bakar batek gainditzen du 1.000 metroko altuera, eta Oiz da (1.026 m.).

Mugakide ditu: iparraldera Amoroto eta Berriatua; hegoaldera Etxebarria eta Mallabia; ekialdera Mutriku, Mendaro eta Elgoibar (Gipuzkoa); eta mendebaldera Aulesti eta Ziortza-Bolibar.

Klima: epel-ozeanikoa.

Biztanleak: 4990 lagun daude erroldatuta, kalean eta auzoetan (Iturreta, Barinaga, Ubilla-Urberuaga, Larruskain-Amallo, Iluntzar eta Meabe) bizi direnak batuta. Azkeneko urteetan Markina-Xemeinera lagun asko etorri da bizi izatera; batzuk inguruko herrietatik, eta beste asko atzerritik. Horrela, azken urteetan nabarmen egin du gora atzerritarren errolda kopuruak, eta gaur egun biztanleen % 12 inguru atzerrikoa da. Talderik nagusienak senegaldarrena, errumaniarrena eta marokoarrena dira, eta hiru taldeek guztira atzerriko nazionalitatea dutenen gehiengoa osatzen dute.

Egitura ekonomikoa: nekazaritza eta industria sektoreek – biak uztartuta - osatzen dute. Izan ere, gurea landa-ingurune bateko hiri-industriagunea da, eta herriko biztanleria aktiboa osatzen duten markinar eta xemeindar gehienek industria eta zerbitzu sektoreetan dihardute.