Albisteak

 

Koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, Udalak Karmen jaiak, orain arte ezagutu ditugun moduan, bertan behera uztea erabaki du aurten. Udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoek aztertu dute gaia Tokiko Gobernu Batzarrean, eta bertan hartu da erabakia. 

Gaur gaurkoz jaiak arriskurik gabe ospatu ahal izateko beharrezko segurtasun eta higiene neurriak bermatuta ez daudenez, Udalak uste du ez litzatekeela arduratsua izango jaiak mantentzea. Beraz, jendearekiko arduragatik eta osasun publikoa bermatzeko, ohiko jaien antolakuntza bertan behera uztea erabaki da.
 
Udalak adierazi nahi du erabakia hartzea oso zaila izan dela, Karmen jaiak urteko ekitaldi garrantzitsuena eta pizgarri ekonomiko handia direlako herrian.

Uztailaren 15etik 19ra bitartean ziren ospatzekoak 2020ko Karmen jaiak. Betiko moduan ospatuko ez badira ere, data horietan bestelako ekimenak antolatzea da Udalaren asmoa, beti ere momentuko osasun egoera kontuan edukita. Ekintza desberdinak antolatzeko herriko taldeei proposamenak ere eskatu zaizkie jada eta Uhagon kulturgunearekin elkarlanean aritzeko asmoa dauka Udalak.