Albisteak

 

"Musika haizeak" zikloari esker, musika klasikoaz gozatzeko hiru hitzordu izango dira Markina-Xemeinen martxoan zehar. Udalaren ekimenez antolatu da zikloa, bigarren urtez jarraian, eta punta-puntako musikari gazteen parte-hartzea izango du. Kontzertuak Karmengo elizan eskainiko dira, 20:15ean, eta sarrera doakoa izango da guztietan.

Martxoaren 6an (ostirala) izango
da lehen kontzertuaz gozatzeko aukera, Cantoria taldearen eskutik. Ahots laukote hau Ines Alonsok (sopranoa), Samuel Tapiak (kontratenorra), Jorge Losanak (tenorra eta zuzendaritza) eta Valentin Mirallesek (baxua) osatzen dute. Antzinako musikagintzaren panoraman azken urteotan espaniar Estatuan izan den sorpresa handienetako moduan definitu du kritikak taldea, Errenazimentuko musika lantzen duena.

Euskal Herriko artistek ere izango dute tokia zikloaren baitan. Garazi Navas akordeo-joleak eskainiko du bigarren kontzertua, martxoaren 14an (larunbata). Akordeoi-jole eklektiko eta berritzailea da Navas (Usansolo, 1995). Musikenen lizentziatua, proiektu ugaritan hartu du parte eta Bilboko Orkestra Sinfonikoan ere jo du. Gaztea bada ere, hainbat sari eskuratu ditu.

Zilarra Quintet taldeak eskainiko du hirugarren eta azken kontzertua, martxoaren 21ean (larunbata). Maitane Arretxe (akordeoia), Iker Bilbao (biolina), Jose Belda (gitarra), Lucia Arzallus (pianoa) eta Antonio Muedra (kontrabaxua) dira boskote honen partaideak.

Kartela / Egitaraua (Jpeg)