Albisteak

 

www.turismoa.eus webguneak lehen hilabeteak egin ditu martxan apirilean sareratu zenetik. Proiektu honetan lanean jardun duen Turismo Mahaiak oso modu positiboan baloratu du atari digital berriak lehen hilabeteetan izan duen erantzuna. Turismo Mahaiak eskura dituen datuen arabera, webguneak 2.522 sesio erregistratu ditu martxan jarri zenetik. Guztira 1.653 erabiltzaile desberdin kontabilizatu ditu webguneak, horien artean gehienak espainiar Estatukoak. Amerikarrak dira bigarren postuan ageri direnak.

Arduradunen ustez, atari dijitalak izan duen harrera onak "agerian uzten du bai herritarren eta bai bisitarien partetik gaiarekiko dagoen interesa eta orain arte alor honetan egon den hutsunea". Aurrera begira, webgunea osatzen eta elikatzen joatea da erronka. Era berean, Turismo Mahaiak eskerrak eman nahi dizkie webgunearen zabalkundean lagundu duten guztiei eta aurrerantzean ere berdina egitera animatu nahi ditu herritarrak. Gogoan izan turismo gaiei lotutako edozein kontsulta edo eskaera egiteko ondorengo helbide elektronikoa erabilgarri dagoela: komunikazioa@markina-xemein.eus