Albisteak

 

Markina-Xemeingo Turismo Mahaiak turistentzako liburuxka kaleratu du. Herrira datozen turistentzat interesgarria izan daitekeen informazioa bildu da bertan, hala nola bisitatzeko interesgarriak diren guneak, herriko planoa, komertzioen datu praktikoak, ostatu hartzeko lekuak, kirol eta kultur arloko eskaintza, garraioa, bisita gidatuen inguruko informazioa, argazkiak, etab. Hori guztia, poltsikoan sartzeko moduko liburuxka praktiko batean.

Euskarari lehentasuna emanda, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez ere eskaintzen da informazioa, kontuan izanda herrira datozen turistek hizkuntza horiek darabiltzatela batez ere.

Momentuz, liburuxkaren aleak herriko hiru gunetan egongo dira eskuragarri: Herri Bibliotekan, Uhagon kulturgunean eta Udaletxeko harreran. Nahi duten komertzioek Udaletxetik hartu ahal izango dituzte ale batzuk, beraien saltokietan eskuragarri izateko. Epe laburrean, ale gehiago banatuko dira turistentzako ohiko lotarako tokietan eta Santiagoko Bideko erromesentzako aterpetxean. Horrez gain, ale batzuk bidaliko dira eskualdeko puntu turistikoetara eta baita Bilbo aldera, turista asko bertatik heltzen baitira herrira.

Turismo Mahaiak eskerrak eman nahi dizkie liburuxka egiteko beraien ekarpena egin dutenei, batez ere argazkiak erabilgarri utzi dituzten guztiei. Bestalde, Turismo Mahaiak jakinarazi du, herriko turismoa kudeatu eta dinamizatzeko bere jardunean, beste proiektu batzuetan ere lanean ari dela. Halaber, gogorarazi du herritarrei zabalik dagoela, bai herritarrak taldera gehitzeko eta baita proposamenak entzuteko. Elkarlana eta parte-hartzea errazteko, Turismo Mahaiak korreo elektroniko hau erabiliko du aurrerantzean: turismo@markina-xemein.eus